Aralar Markina-Xemein


STOP GERRA ESTRATEGIA !
Junio 18, 2008, 7:33 pm
Archivado en: Markinako Aralar


Gure Boletina irakurri nahi baduzu, klikatu hemen: markina2008ekaina

Hogeita hamar urte pasatu dira Franco hil zenetik, eta gauza askotan ematen du gure erloju politikoa geldituta dagoela. Ez da arraroa kalean entzutea hemen gauzak gero eta txartoago daudela, orduan baino okerrago diote batzuek. Hainbesterako ote da? Ba, segun norantz begiratzen dugun.

Argi dago gure herrian askoren errealitatea kartzela dela, edo erbestea, edo eskolta batekin bizitzea, edo bere eskubide politikoak murriztuta ikustea…errealitate gogorra. Jende asko benetako gerra eszenatokian bizi da eta eszenatoki hau muturreraino heltzen da hilketak daudenean..

Baina kaleko jendeak, herritar xumeak, horrela bizi du egunerokotasuna? Inondik inora ere ez, gehienak, Euskal Herriaren %80ak “konfliktoari” kanpotik begiratzen dio nekatuta eta higuinduta.

Konfliktotik kanpo eta kontra ikusten du bere burua: errepresio poliziala eta judiziala demokraziaren kontrako eraso legez bizi du, baina ETAren ekintzak alferrikakoak eta krudelegiak begitantzen zaizkio.

Merezi du hainbeste sufrimendu mantentzea? Benetan aurrerantz goaz? Jendearen iritzia argi dago: EZ.

Gure helburuak duela hamar urte baino hurbilago daude? Jendearen kontzientzia berpiztu egin da, ala apurka-apurka amatatzen ari da? Gure arteko batasuna indartu egin da ala ahuldu?

Gerra estrategia horrek ez gaitu inora eramaten, Euskal Herriarentzat desastre hutsa da. Estatua indartu egiten du; gure etsai guztiak batzen ditu; errebindikazio asko desprestigiatu egin dira borroka armatuarekin lotzen direlako; indar soberanistak zatitu; eta abar… Gerra estrategia hau gelditu behar da lehenbailehen.

Baina gerra estrategia gelditzeko lehen pausua ETAk eman behar du, armak betirako utzita, ez dago beste biderik.

Eta gero zer? galdetuko dute batzuek. Badago beste alternatibarik? Ba, gero ere, bide luzea tokatuko zaigu, duda barik, baina herriarengan konfiantza badugu, ez dago zertan beldurrik izan.

Gure herriak kalera irteteko eta mobilizatzeko gaitasuna erakutsi du behar izan denean. Korrika, martxak, Ibilaldiak eta abar.. gure herriaren kulturaren zati bat dira jadanik. Herri honengan konfiantza osoa eduki behar dugu.

Soberanista guztien batasuna izan beharko litzateke biharamuneko lehen erronka, eta hori lortzeko sektarismoa gainditu behar dugu, sentsibilitate guztiak errespetatuz.

Gure helburu nagusia, herri legez, Euskal Herria naziotzat onartua izan dadin , eta bere etorkizuna libre eta presio barik erabakitzeko eskubidea izatea.

Gure helburua, ostera, ez da edozein herri mota egitea; guk balore batzuk ditugu, eta zein herri nahi dugun argi izan behar dugu, eta oraintxegandik eraikitzen hasi. Herri justua, berdintasunean oinarrituta, natura zaintzen duena, bertoko eta mundu guztiko pobreziarekin solidarioa, integratua, euskalduna, alaia…eta hau guztia egiteko bide bat besterik ez dago:

La lucha armada aquí y ahora, además de generar un sufrimiento inútil, fortalece al Estado, une a nuestros enemigos, desprestigia nuestras reivindicaciones y divide a los soberanistas. La lucha armada hoy es un desastre para Euskal Herria. Este pueblo no necesita de vanguardias salvadoras, sólo la unidad de todas las fuerzas soberanistas y la movilización popular conquistarán nuestros objetivos: el reconocimiento nacional de Euskal Herria y su derecho a decidir libre y democráticamente su futuro.

Gure udal taldea egindako boletina ikusi nahi baduzu, klikatu hemen: markina_2008ekaina



Kontsumoa murrizteko herriko argiteria erregulatzea
Junio 18, 2008, 7:24 pm
Archivado en: Markinako Aralar

Petrolioa, oso kutsakorra izateaz gain, amaitu egingo da, antza, kalkulatzen dutenaren arabera, 2050. urterako. Egoera horrek, kutsatzen ez duten aukera berriak bilatzera behartzen gaitu guztiak, bereziki administrazioa. Horrela, petrolioaren erabilera murrizteko neurriak hartu behar dira.

Udaletik Aralar-EB horrelako neurriak, sinple eta eraginkorrak, proposatu eta adosten saiatu gara. Helburua ahalik eta gutxien kontsumitzea da, gehiegizko kontsumoak desagerraraziz.

Irizpide hauen arabera, joan den 2007-2008ko Gabonetan lehendabiziko neurria hartu zen: apainketa argia ahalik eta egun gutxien isiotu ziren, abenduaren 15etik urtarrilaren 8ra.

Beste alde batetik, kiroldegi ondoko jolas-gunean 30 argi-puntu daude eta gauean inortxok ere ez du gune hori erabiltzen, hortaz gaueko 12etatik, lau lanparatik 3 amatatu egiten dira, sistema automatiko baten bidez.

Baditugu ere beste proiektu batzuk martxan, futbol-zelai berriko instalazioetan eguzki-plakak instalatzea, esate baterako. Helburua galdaretan beroa sortzea da, eta ur beroa, kutsatzen ez duten energien bidez lortzea. Horrela aurreztuko litzatekeen dirua eta energia ikaragarria da; izan ere, gogoan hartu behar dugu astean 300 gaztetik gora entrenatzen dutela han.

Baina hori guztia ez da nahikoa, energia-baliabideak efikaziaz kudeatu behar ditugu, eta erabilera okerrak ekidin: beharrezkoa ez denean ez piztu argirik, gehiegizko argiteria kendu (eta ondorioz gehiegizko gastua). Hori guztiarekin aldaketa klimatikoari aurre egingo diogu.



Ez du zentzurik!
Junio 18, 2008, 7:10 pm
Archivado en: Markinako Aralar

Gure kaleak holan geratzen dira

Azken urteotan gure eskualdean kale borrokaren agerraldiak ugaritu egin direla begi bistakoa da.

Bere helburuak normalean zaramontziak izaten dira: bide erdira atera, erre eta zirkulazioa moztu. Beste batzuetan, bankuen kutxazainak dira helburu edo baita batzokiren fatxada ere.

Protestatzeko era bat da, jakina. Baina protestatzeko era horrek ondorioak ere baditu: fatxada batzuk erreta edo pinturaz zikinduta; arbola batzuk larri kaltetuak (Murganeko palmera edo udaletxe osteko alkanforeroa); suteek sortzen duten kutsadura ere ez da makala, kontutan hartzen badugu gehiena plastikoa dela….

Gainera, kontenedoreen inguruan bizi diren pertsonen estutasuna ere ez da txantxetakoa izaten. Eta azkenik, kalte ekonomikoak: 2007. urtean gure eskualdean 37 kontenedore erre ziren (11 Markina-Xemeinen, 7 Ondarroan eta 19 Lekeition) euren koste totala 41.000 eurokoa izanik. Gogoratu behar da, hau guztia ez duela Estatuak ordaintzen, guk geuk baizik.

Eta horren inguruan, zer esan? Benetan merezi du? Borroka mota horrek askatasuna ekarriko digu? Guk ezetz pentsatzen dugu. Borroka mota horrek aurre pausorik sortu beharrean, ondorio latzak izan ditu: gazte batzuentzat kartzela edo erbestea.

Gazteen indarra alperrik gastatzea begitantzen zaigu, guk gazteak ez ditugu kartzelan nahi, ez gazteak ez inor ere. Gazteak kalean, eskolan, lantegian, udaletxean, eguneroko Euskal Herria eraikitzen nahi ditugu. Guztiokin batera Euskal Herriaren eskubideen alde lanean.



Hirigintzako Plan Nagusia
Junio 18, 2008, 6:52 pm
Archivado en: Markinako Aralar

Hirigintza Planaren 2009-2018 arau berriak martxan dira dagoeneko. Garatu nahi den udalerria planean irudikatzen da, eta udalerria arlo guztietan berregokitzeko irizpideak zehazten dira: eraikuntzak, industria, jolas-guneak etab.

Proiektua idatzi duen lan-taldeak, Udala osatzen dugun taldeoi (EAJ-PNV, ANV eta EB-Aralar) hautabidezko hiru proiektu aurkeztu zizkigun. Irizpideak elkartrukatzerakoan agerian jarri zen ikuspuntuen arteko aldea nabarmena zela. EAJ-PNV 1045 etxebizitza berri eraikitzeko lur-sailak gorde nahi ditu, eta horrek zera dakar: etxebizitzok betez gero, datorren 8-10 urtetan udalerriak 2.500 biztanle gehiago izango ditu.

Proposamen horren arabera etxebizi-tzak hiru gunetan eraikiko lirateke nagusiki:
a) Gaur egungo herri-gunean eraiki gabe dauden lur-sailetan, Arretxinaga, Iderraga eta abar: 505 etxebizitza.
b) Futbol-zelai berria inguratzen duten lur-sailetan: 228 etxebizitza. <
c) Iparragirreko mendi magalean, Karmengo gainetik biribilgune berriaren ingururaino: 320 etxebizitza.

Aralar-EBren ustez planteamendua neurrigabea da, eta ez ditu udalerriak etxebizitza arloan dituen premiak asetzen. Ikerketak berak esaten du gehienez ere 350 biztanle gehiago aurreikusi behar dela datozen 8 urteetan. Gainera, ezin dugu ahaztu eraikuntza sektoreak bizi duen krisialdia. Hortaz, zeinentzako horrenbeste etxebizitza?

Guk kontrako iritzia dugu, denbora gutxian hain gorakada handiak ezinezkoak dira eta. Biztanleen eta udalerriaren gorakada naturala izan behar da, eta horri errespetuz erantzun behar dio Udalak. Gainera gazteek etxebizitza erosteko duten ahalmen eza gogoan hartu behar dugu, eta ondorioz, babestutako etxebizitzak bultzatu eta hutsik dauden etxebizi-tzak (618 Markina-Xemeinen) merkaturatu behar dira.

Demanda errealari erantzuna eman ahal izateko, 500 etxebizitzarako lur-saila gordetzea nahikoa dela uste dugu. Horiek eraikitzeko lur-sail nahikoa dugu herri-gunean eta kale artean, eta beraz, ez dugu zertan nekazaritza-lurra erabili behar.

Ezin dugu gazteak, eskaintza hobea dutelako, beste udalerri batzuetara joan daitezen laga, eta hori Udalaren ardura da. Babestutako etxebizitza gehiago behar da.

Gure eginbeharra da, beharrezkoa den etxebizitza eraikitzeaz gain, berori eskuratzea erraztasunez eta baldintza duinetan egin dadin lortzea. Gehien behar duten eta gutxien daukatenentzako.

Etxebizitza ezin da negozioa izan. Axola egin behar digu zertarako erosten den, eta erosten duenak behar duelako erosi dezala eta ez dezala bizi osorako mailegua eskatu behar.

La propuesta de reservar suelo para construir 1045 nuevas viviendas es desproporcionada y no responde a las necesidades reales de Markina-Xemein. Nuestro pueblo no necesita tanta vivienda y el mercado inmobiliario tampoco vive su mejor momento. Reservar suelo para 500 nuevas viviendas nos parece más que suficiente, dando prioridad a los espacios vacíos situados en el casco urbano, evitando así la dispersión y manteniendo una estructura urbana compacta. Además teniendo en cuenta la capacidad adquisitiva de la juventud promocionar vivienda protegida nos parece urgente y prioritario.



Iparraldeko Herriko Etxeetan (Udaletan) euskara geldi
Junio 18, 2008, 6:44 pm
Archivado en: Markinako Aralar

2002ko urtarrilean, Herriko Etxeetan baita herrietan bertan euskararen erabilera normalitzatzeko, eta euskarari begirako aldekotasuna eta Frantziako Estatuak ukatzen duen status legala “de facto” lortzeko helburuarekin, Euskararen erabilpena Iparraldeko Herriko Etxeetan sustatzeko ekimena abiatu zuten hitzarmena euskaraz lehen urratsak emateko.

Hala ere, 2004an, Hizkuntza Politika bideratzeko Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) sortu zuen Frantziako gobernuak. Herriko Etxeetan euskararen normalizazioa bultzatzea instituzioen ardura den neurrian, 2006ko azaroan Euskal Konfederazioaren lan ildoa bereganatu zuen EEP-k. Baina, gaur egun oraindik, lau Herri Elkargok bakarrik eman dute baiezkoa.

Horiez gain, Baiona eta Miarritzeko herriek ere euskara teknikari bana kontratatu dute. Horretaz, EEP-k ildoa berreskuratu duenetik, badirudi emaitzak ez direla oso eraginkorrak izan. EEP-k ildoaren balantzerik ez du egin (edo behintzat horren berri ez dio eman euskalgintzari), Euskal Konfederazioak behin eta berriz eskatu badio ere. Bi urtetan hiru Herriko Etxe berrik izenpetu dute baina bitan euskara teknikariak kontratatu badira ere, planik ez da egin, Herriko Etxe hauen benetako borondatea agerian utziz.

Bestetik, badakigu hainbat puntutan gauzak ez direla aitzinatu (materialaren sorrera adibidez: ereduzko dokumentuak, aplikazio informatikoa…).

Bukatzeko, nahiz eta 2008ko lan ardatzak finkatu eta aurkeztu dituen. Herriko Etxeen ildoa gara-tzeko, indartzeko eta ebaluatzeko aurtengo orientabideak zein diren ez du iragarri EEP-k. Herri mugimenduak astindu beharko du berriro ere lan ildo hau urte luzerako trabatuta gera ez dadin.